Zahartzaro osasuntsua. Menpekotasuna aurrezaintzea

Silvia Camio Montalvo (Psikologoa, Lahar Elkargoko bazkidea)

Gizakien bizitza gero eta luzeagoa da, eta hau gizateriaren lorpen handi bat da. Behin bizi-itxaropena gehituta, bizi kalitatezko urteak lortzea da oraingo erronka nagusia. Horretarako zahartzaroan osasunez bizitzen ikasi behar da. Artikulu honetan, zahartzaro osasuntsu bat lortzeko iradokizun batzuk azaltzen dira, mendekotasun arriskua sortzen duten gaixotasun batzuk prebenituz eta baita ere galera físiko zein kognitiboei aurre egiteko laguntzak erabiliz. Nagusien mendekotasuna prebenitzeko eta beraien bizi kalitatea gehitzeko portaera osasungarrirako jarraibideak zehazten dira, bai arlo kognitiboan, bai fisikoan eta bai afektiboan.

 Zahartzaro modu ezberdinak aurreikusten duten eredutik abiatzen gara, eta zahartzaro arrakastatsu bat sustatu nahi dugu, honako ezaugarriekin “gaixotasuna eta mendekotasuna izateko aukera gutxi, funtzionamendu kognitibo eta fisiko altuak eta bizitzarekiko konpromiso aktiboa”.

 Menpekotasunaren aurrezaintzea guztiz lotuta dago zahartzaro osasuntsu eta aktibo baten sustapenarekin. MOEk honela adierazten du osasuna: “ongizate fisiko, mental eta sozial osoko egoera, eta ez bakarrik gaixotasunik eza” .

 MOEk definitutako zahartzaro aktiboa zera da: “bizi osoan zehar ongizate fisiko, sozial eta mentalerako aukerak optimizatzen dituen prozesu bat da, bere helburua bizi osasuntsuaren itxaropena, emankortasuna eta bizi kalitatea zabaltzea duena”.

 Frogatuta dago ekintzak eta jarduerak praktikatzeak jarrera aktiboak mantentzen laguntzen duela; honek ongizate psikofisikoa sortzen du eta nagusien autoestimua hobetzen du. Beraz, praktikatzen diren ekintzek, denbora pasarako baliagarriak izateaz gain, pertsonaren funtzionamenduaren arlo ezberdinak estimulatzeko lagungarri izan behar dute.  Egin daitezkeen ekintzen arteko batzuk hauek dira:

– Arlo fisikoan: mantentze soinketa, tai-chia, yoga, ibili, igeri egin, dantza, petanka, billarra, ping-ponga, eskailerak igo eta jaitsi.

– Arlo psikologikoan: funtzio kognitiboak estimulatzea (kontzentrazioa, arreta, hizkuntza, kalkulua, orientabidea, memoria…). Horretarako, adineko pertsonentzako memoria lantzeko tailerrak daude, baita kultur aretoak ere… Hala ere, eguneroko bizitzan zehar hainbat lan egin ditzakegu: gurutzegramak, hizki zopa edota beste horrelako jokoak praktikatuz, ikusitako film bat edo irakurritako zerbait gogoratuz… Bestalde, estresari eta bizitzaren egoera batzuei aurre egiteko erlaxazio tailerrak ere badaude.

– Gizarte arloan: talde ezberdinen parte izateak eta gizarte sare bat edukitzeak autoestimua handiagotzen dute, beste pertsona batzuekiko hartu-emana errazten dute, eta gizartearekiko isolamendua saihesten dute. Betiko harremanak mantentzeaz gain, komenigarria da, adibidez, jardueraren batean boluntario gisa aritzea edota elkarte batean egotea.

 Zahartzaroa bizitzaren garai bat da, eta bere aukerak eta erronkak ditu. Zahartzaro aktibo eta osasuntsu batek urte gehiago eta hobeto bizitzen laguntzen du. 

Kategoria: OROKORRA, GERONTOLOGIA. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.