Hernaniko Sta Mª Magdalenako egoiliarrak Donostiako su aritifizialak ikusten egon dira

Hernaniko Sta Mª Magdalena egoitzako egoiliarrek Esku-hartze psikosozialeko jarduera zabal eta ezberdinekin osaturiko programaz gozatu ahal dute. Asteko programaz gain, edozein data esanguratsu aprobetxatzen dugu jarduera ludikoez beteriko programa bereziak egiteko (toka, igel eta karta txapelketak, argazki emanaldiak, merienda bereziak, txokolatadak…). Halaber,  urtean zehar hainbat irteera egiten ditugu toki desberdinak ezagutu eta bisitatzeko. Adinaz edo egoeraz gain, gure nagusiek inguruko bizitzan baita kulturan ere parte hartzeko beharra dute.

Jarduera hauekin lortu nahi ditugun helburuak ondorengoak dira:

  • Monotonia eta errutina haustea
  • Egoitzatik kanpoko gizarte bizitzan parte-hartzea
  • Kulturarako sarbidea erraztea
  • Egoiliarren arteko harremana eta komunikazioa sustatzea
  • Egoiliarrak gizarteratu eta talde-kidetza sentimendua bultzatzea
  • Auto-estimua hobetu egoiliarrak partaide aktiboak izaten lagunduz

Udararen etorrerarekin eta eguraldi ona aprobetxatuz, inguruko hondartzak bisitatzen ditugu, Ondarreta eta Hondarribiko hondartzak besteak beste, inguruan paseatu eta terraza batean freskagarri edo izozki bat hartuz. Baina zalantzarik gabe gure txangorik desiratuena, Donostiako Aste Nagusiko suak ikustera joateko irteera da.

Hamabost urte baino gehiago dira irteera hau ospatzen dela eta nahi duten egoiliar guztiek hartzen dute parte. Egun batzuk lehenago hasten dira nerbioak dantzan egoiliarren artean, irteera gogo handiz itxaroten baitute.

Ordua iristean, denok igotzen gara autobusera eta Lasarteko Dana-Ona jatetxera abiatzen gara. Han zoragarrizko menua dugu zain. Plater desberdinen artean bata besteekin jarduten dugu solasean. Giroa ezin hobea da. Anekdotak eta bakoitzaren bitxikeriak kontatzeko momentua da, baita harremanak bultzatzeko eta oroitzapenak gogora ekartzeko ere. Postrea iristen da, baita kafea eta kopak ere. Zein ondo egongo ginatekeen berriketan afalostean, baina ezin da, azkar ibili behar gara, autobusean sartu eta gaueko ikuskizunera garaiz iritsi nahi badugu.

Miramar Jauregira iritsi gara, suak ikusteko leku zoragarriena eta egun hauetan toki pribilegiatua erakustaldiaz gozatzeko. Jauregira sartu eta bista hoberen dituen eserlekuen bila goaz. Ordu hauetan fresko egiten du, hortaz manta batzuekin babestu eta suen emanaldia hasten da. Gaurkoan Austriako PYROVISION Pirotekniaren txanda da. Amaitutakoan denok txalotzen eta bibaka hasten gara, gure poztasuna adieraziz. Seguru hauek izango direla irabazle!

Etxeratzeko ordua iritsi da. Autobuserako bidean, egoiliar guztiak hunkituta iritziak elkartzen dituzte. Jauregiaz hurrengo bisita arte agurtzen gara. Laster izango gara berriro hemen…Kontxako Ikurrinaren finalaren egun handirako itzuliko gara!

Kategoria: OROKORRA, GERONTOLOGIA. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.